XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
OHI BEZALA, igandetako tertuliako gure elkarrizketa bide, bidexka eta aldapa irriztagarrietan zehar aritu zen.
Halako artistak eskainitako obrak Giacometti-rekin antza nabaria duela, halakoenari Bacon-en usain hedatua asmatzen omen zaiola, halakoari, berriz...
Eta, ohi bezala, ez genuen aipaturiko inor sano utzi.
Ohi bezala.
- Tradizio ez den guztia plagio da - bota zuen tertuliakide batek.
Esaldia berea ote zen zalantza pizten hasi zen gugan baina tertuliakide bera aurreratu zitzaigun gure zalantza boomerang gisa bere aurka bueltatu baino lehen: - Esaldia ez da nirea, baina berdin zaio.
Nahiago dut ahuntza ardi bat baino.
Azken hitzok bai, bereak ziren.
Irrifar garailean antzematen zitzaion hori.
Eta, orduan, norbaitek Gae Aulenti aipatu zuen.
- Aibala!- bota nuen whiskyak aho sapaia loditzen zidalarik -.
Eta nor arraio da frantziskana hori?
Gae Aulenti italiar arkitekto eta diseinatzaile ospetsua dela adierazi zidaten, nire ezjakintasuna begirada zorrotz, irrifartsuez zigortuz.